DEMOKRAZIA EZARTZEKO KONPROMISOA

III. ESPAINIAR ERREPUBLIKAREN ALDEKO MANIFESTUA  

Behean sinatzen dugun herritarrok, 1948ko Giza Eskubideen Aitorpenaren askatasun, berdintasun eta anaitasun idealekin,eta berau onartzen duten Estatu oro lotzen duten Nazioarteko Hitzarmenekin bat eginik, eta europar kultura humanistarik onenaren kontzientzia demokratikoak bultzaturik, zera adierazten dugu:

Hiru momentu historiko ezberdinetik gatoz, hiru esperientzia ezberdinetik, geure aurrean dugun errealitateari buruzko hiru iritzi ezberdin; errealitate hau, ordea, guztion indarrak batuz aldatu beharrekoa delakoan gaude.

Izaera errepublikarreko Prozesu Konstituziogilearen hasiera aldarrikatu eta proposatzen dugu, espainiar gizartea eta bere Estatua osatzen duten Herrien eskutik.

Inolako proiektu politiko legitimorik ez da egongo, ez baldin bada era kontzientean sortua izan horretarako Subiranotasuna eta Legitimitatea dutenengatik. Eta proiektu hau zabaldu eta eztabaida publikora aurkezteko, gaur egun indarrean dagoen Konstituzioaren XXV. Urteurrena nahita aukeratu dugula adierazten dugu. Honekin 1936an zapuzturiko Legitimitate errepublikarraren berregitearen beharra azpimarratu nahi dugu, benetako Demokrazia eta Zuzenbidezko Estatua garatu eta aplikatzeko kapaza izan ez den Trantsizioaren porrotaren aurrean.

Bizipen pertsonal edota errepublikar konbikzio sakonak direla eta, egoerarik okerrenetan ere tinko eutsiak, espainiar herria haustura demokratiko baten benetako protagonista izan zeneko une historiko bakarra, II Errepublika, ahaztu ezin dugunok gara. Errepublikar kulturaren ezaugarri politikoak, Laikotasuna, Federalismoa, Botere Banaketa, Bake Kultura eta Etika Zibilaren gailentasuna, ondare hilezkorrak dira.

Konpromiso eta arrisku maila handiago edo txikiagoz, fideltasun errepublikarraren eta etorkizuneko Demokraziaren izenean Diktadura ankerra etengabeko oposizioan bizi izan zutenak gara. Geure asmoen muinean, geure proposamen alternatiboen ardatzean, geure sentimendurik sakonenen sustraietan, erroturik dago ordutik Errepublikaren aldeko apustua; herriaren nahiaren sorburutik zuzenean sortutako Estatu forma, 1931ko Apirilean izan zuena azkeneko adierazpena. Eta honekin guztiarekin batera, gugan dago Espainiatik bitan botatako errege-dinastia baten aurkako oposizioa eta gaitzespena.

Trantsizioaren alanbikean beldurrak, inozokeriak, zuhurtziak, paktuak, traizioak eta doilorkeriak distilatu ziren. Diktadoreak inposaturiko Monarkia onartua izan zen –salbuespen askorekin- etorkizuneko Konstituzio baten onuretan pentsatzen. Geure konklusioa zera da: 1876koaren Berrezarpen alfontsino oso antzeko bati bultzada eman zitzaiola. Azken 25 urteotako gertakarien azterketak horixe erakusten du.

Errepublikar ikurrinezko itsaso batean etengabe manifestatzen garen horiek gara, arazo zaharrak zein gerra inperialistak edota Globalizazio Kapitalistatik sortutakoak borrokatzeko. Geure artean Errepublika eta diktadura faxista ezagutu ez duten belaunaldiak daude. Baina hauek ere ideal errepublikarra, bere erradikaltasun demokratikoa dela eta, berebizikoa dela antzeman dute borrokatzen dugun orden ekonomiko, sozial, politiko, ideologiko eta kulturalari erantzuna emateko.     

Berebizikoa da, azpimarratzen dugu, erantzun tinkoa ematea Demokrazia eta Askatasunaren inboluzio honi eta gizarte-konkisten atzerapen honi. Nabarmena da Lehen Mundua eta gainontzeko herrien arteko zuloaren kontrako ekintza. Eta gizarte, politika eta kultura arloan garatu beharreko ekintzen ardatza lurralde zehatzetan ezarri beharra dago, proposamen zehatzekin eta bere dinamika propioaz, batasun zabalagoa sortzeko ahalmenarekin.

Geuretzat, III Errepublikaren aurreko haustura demokratikoa herritar-sareen sorrera prozesua da, zeinetan azpimarratu ditugun balore errepublikarrak jarrera pertsonal eta kolektibo kontsekuente batekin uztartzen den.

Horregatik, Errepublikar Prozesu Konstituziogilerako proposamen hau hertsiki loturik joan behar da hiru belaunaldiek Giza Eskubideen inguruan beren gain jasotako konpromiso eta lerro programatiko batzuekin, Errepublikaren lurretan bizi diren edo bizi daitezken pertsona ororentzat, sexu, arraza, erlijio edota jatorri etnikoa gorabehera. Beraz, 1931eko Konstituzio errepublikarraren seigarren artikuluaren inguruan biltzen gara: “Espainiak uko egiten dio gerrari politika nazionalaren instrumentu bezala”, eta izpiritu honekin bat datozen nazioarteko erakundeen erabakiekin bat egiten dugu.

III Errepublika espainiarrak, Etika, Politika eta Herritar Baloreak berpizten dituen gizarte baten adierazpen instituzional bezala, bere egiten ditu Giza Eskubideak eta Askatasunak. Zehaztasunez ezarri beharra dauzka, bere Konstituzioan, erabaki eta kontrol publiko eta instituzionalaren mekanismoak, Errepublikaren existentzia eta garapena bermatzeko.

Behean sinatzen dugun herritarrok 1978ko Konstituzio monarkikotik deslotutzat jotzen dugu geure burua. Zin eginez edo promesa bidez bere alde agertzera beharturik ikusten garen egoeretan, “lege-inperatiboa dela eta” formula erabiliko dugu.

GORA III ERREPUBLIKA ESPAINIARRA!

Madrilen, 2003ko Azaroaren 15ean   


Sinadura

     Manifestua sinatzeko, posta elektronikoa bidali UCRri Izena, abizenak, lanbidea, NANa, eta nahi izanez gero, organizazio politiko, sindikal edo soziala eta horietan izandako ardura. Helbidea ez da derrigorrezkoa, eta soilik izango da erabilia barne-komunikazio kontuetan. Sinadura-bilketan parte hartu nahi baduzu, hemen klik eginda atera dezakezu modeloa. Behin orria beteta, bidali hurrengo helbidera: Unidad Cívica por la República, Avenida de Moscú, 59, Coslada. 28820, Madrid, edo bestela eskaneatu eta fitxategi adjunto bezala bidali posta elektroniko honetara:

Sinatzaileen zerrenda definitiboa 2004ko apirilaren 14 inguruan argitaratuko da. Argi dauden arrazoiak medio, orrialde honetan sinatzaileen pribatutasuna gordeko da zerrenda publiko egin arte. Honetarako, behar bezala informatuak izango zarete.

  Página de inicio